EKOS Jaialdiko sari-banaketarekin itxi da Gizarte Ekonomiaren Hiriburutza urtea

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak antolatutako EKOS Gizarte Ekonomiaren Jaialdiaren sari-banaketa egin zen Kursaalen, gaztez eta gizarte ekonomiaren alorreko ordezkariz betetako auditorioaren aurrean. Donostia 2023 Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzaren testuinguruan antolatutako azken ekitaldia izan zen; hiriburutzaren helburua, hain zuzen, Donostia bera eta lurraldea nazioarteko erreferente bihurtzen dituen eredu ekonomiko honen balioa agerian jartzea izan da, eta arrakasta kasuak ezagutaraztea.

22/12/2023

Idoia Mendia lehendakariordeak ere hiriburutzaren arrakasta azpimarratuz abiatu zuen saioa: “Gaurkoan, amaiera emango diogu Nazio Batuen Erakundearen ebazpenarekin bat egin duen hiriburutzari; Europarekin lerrokatuta sentitu den, etorkizunari begiratu dion eta gazten babesa izan duen hiriburutzari”. Eider Mendoza ahaldun nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak ere bat egin zuten mezuarekin, Gizarte Ekonomiako familiek emandako babesa eskertuz, eta arlo honetan lanean jarraitzeko konpromisoa hartu zuten, eredu tradizionalaren alternatiba hau sustatzeko eta duen balioa gizarteratzeko.

Haiekin batera, Amparo Segovia Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioko Estatu idazkariak, Juan Antonio Pedreño CEPES Gizarte Ekonomiako Espainiako Enpresarien Konfederazioko presidenteak eta Rosa Lavín KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko eta EGES Euskal Gizarte Ekonomia Sareko presidenteak hartu zuten hitza.

Sorpresaz eta emozioz jositako saioa izan zen Laura Chamorrok gidatutakoa, eta besteak beste, ekonomia sozial eta solidarioaren balioekin lotutako sortzaile eta artista gazteek umore, musika eta arte ukituak eman zizkioten ekitaldiari.

Irabazleak

Gizarte ekonomiaren balioak zabaltzea eta gazteei helaraztea izan zuen helburu jaialdiak, horretarako, pieza grafikoak eta ikus-entzunezkoak sortuta. Parte-hartzaileak bi kategoriatan lehiatu ziren: ikasleen kategoria, DBHko 4. mailako, Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasleentzat; eta publikoaren kategoria, 18 urtetik gorako diseinu grafikoaren edo ikus-entzunezkoen alorretako profesional eta zaleentzat.

Inklusioa, jasangarritasuna, berdintasuna, elkartasuna eta tokiko garapena izan ziren saritutako lanen aztergaiak, eta irabazleen zerrenda osoa jaialdiaren webgunean izango da kontsultagai.

Jatorrizko albistea: Estrategia bulegoa

También te puede interesar