Donostia, Bordele, Tsukuba, Estrasburgo eta Torres Vedras hirietako buruzagiek balioan jarri dute Gizarte Ekonomiaren ekarpena

Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak antolatuta, Gizarte Ekonomiaren Europako Konferentzia egin da egunotan Donostian, Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzaren jarduera-programaren baitan.

15/11/2023

Nazioarteko 550 profesional eta aditu baino gehiago elkartu dira Kursaalen, eta jardueren artean, Donostiako Udalak, Estrategia Bulegoaren bidez, antolatutako HIRIAK ETA GIZARTE EKONOMIA: Tokiko buruzagien nazioarteko topaketa saioa nabarmendu da.

Solasaldian hartu dute parte Donostiako, Bordeleko eta Tsukubako alkateek eta Estrasburgoko eta Torres Vedraseko alkateordeek, Barcelona Activa-ko Gizarte Ekonomia zuzendari eta Bartzelonako Udaleko Gizarte Ekonomia, Toki Garapen eta Elikadura Politikako komisario ohi Álvaro Porroren gidaritzapean. Agintariek Gizarte Ekonomiak beren hirietan izandako eragina azaldu dute, eta tokian tokiko arrakasta kasuak partekatu dituzte, enpresa-eredu kolektibo, demokratiko eta solidario hau sustatzeko eta ikusarazteko helburuarekin.

Porroren agurraren ostean, Eneko Goia Donostiako alkateak hartu du hitza, eta gizarte ekonomiak hirian duen garrantziaren berri eman du lurraldeko entitate nagusiei aipamena eginez, hala nola, Gureak enpresa-taldea, Emaus Gizarte Fundazioa, Tecnalia Fundazioa eta Mondragon Korporazioa. “Eredu kooperatiboaren erreferentea gara, industria-dentsitate handiduna. Enpresa-eredu kooperatiboetan tradizio luzea dugu, eta gizarte ekonomiaren balioak oso errotuta daude gure gizartean”. Horren adibide dira enpresa-kultura berri bat sustatzen duen Fabrika proiektua eta gazteen artean ekintzailetza kooperatiboa bultzatzen duen Mondragon Unibertsitatea.

Bordeleko alkate eta Gizarte Ekonomiaren Munduko Foroko presidente Pierre Hurmicek, bestalde, erronka klimatikoaren alorrean Bordeleko Udalak duen berezitasunean jarri du arreta: “Gure ordezkari politiko guztiek erronka horri erantzuteko erantzukizuna dute”. Gainera, hiriko Garapen Agentziaren estrategia aldatu dute, eta lurraldeko baliabideak eta enpresak erakartzen dituen “iman hiria” izatetik, lankidetzan aritzen den eta ikuspegia partekatzen duten enpresei soilik harrera egiten dien udalerria izatera pasa dira.

Japoniako Tsukuba hiriko alkate Tatsuo Igarashik azaldu duenez, bestetik, “gizarte ekonomia” terminoa ez da bereziki ezaguna Japonian, baina Gobernuak onartutako irabazi asmorik gabeko enpresen legeari esker, gizarte ekonomiaren oinarriak garatzea ahalbidetuko duen enpresa-sarea garatu da azken urteetan, eta laster loratzen hasiko da.

Bestalde, Véronique Bertholle Estrasburgoko alkateorde eta Ekonomia, Ogasun, Ekonomia Sustapen eta Turismo arloko arduradunak azaldu duenez, Estrasburgoko Udala hiriko eragileak lehenesten ari da, gizarte-ekitatea sustatzeko. “Gaur egun, gizarte-ekonomiako enpresen % 60k auzo behartsuenetan egiten dute lan, hiriko pobreziaren % 25 biltzen den auzoetan”, gaineratu du.

Ana Umbelino Torres Vedraseko alkateorde eta Gizarte Ekonomiaren aldeko Europako Hiri eta Eskualdeen Sareko presidenteak aipatu duenez, sarearen helburua eragileen arteko elkarrizketa sortzea da, “agintariek beren politiken eragina zein den ikusi dezaten”. Gainera, Portugalgo testuinguruari dagokionez, udalak gizarte-ekonomiarekin lotutako proiektuen garapenean inplikatzeko beharra nabarmendu du, balio horiek maila guztietara hedatu daitezen.

European Social Economy Awards

Topaketa bera eta Gizarte Ekonomiaren alorreko europar zein tokiko eragileek antolatutako jarduera paraleloak bukatutakoan, Konferentziaren azken ekitaldia ospatu da: European Social Economy Awards sarien banaketa-ekitaldia. Saioa Tabakaleran egin da, eta bertan izan dira Gizarte Ekonomiako sektoreko profesionalak eta erakunde nagusietako ordezkariak. Sariak, hain zuzen, Gizarte Berrikuntzaren, Trebetasunaren, Trantsizio Berdearen eta Digitalizazioaren alorretan lan egin duten eragile zein enpresa europarren lana aitortzeko helburua dute.

Informazio gehiago Gailurraren webgunean.

También te puede interesar